Carlos Santamaría Zentroa. Antonio Beristain zentroa
Elhuyar plaza z/g. Donostia

Euskal Diaspora Akademikoari buruzko 1. Sinposioa

Euskal Herriko Unibertsitateak (UPV/EHU) antolatuta Euskal Diaspora Akademikoari buruzko I Sinposioa ospatuko da datorren uztailaren 12an Carlos Santamaria Zentroan, Donostian.  

Sinposio honek euskal jatorridun edo Euskal Herriarekin lotura duten mundu osoko akademikoen nazioarteko sarearen oinarriak ezartzeko abiapuntua izan nahi du. Sare horren helburua parte hartzaileek komunean dituzten ezaugarriak partekatzea da eta, halaber, etorkizunean elkarlanean aritzeko loturak sendotzea; elkar hobeto ezagutuz eta lankidetza sustatuz. Era berean, nazioartean sakabanatuta dagoen ikerkuntza, pentsamendua eta kultura identifikatzea eta Euskal Herrian dituzten sustraiekin lotzea ditu xede ekimen honek.

Euskal Diaspora Akademikoari buruzko I. Sinposioa euskal diasporarekiko harremanak garatzeko jarduera da, betiere, ikuspuntu akademikoa eta ikertzaile batetik. Aldi berean, irakasleen eta ikertzaileen nazioarteko sarea sortu eta garatzeko asmoa du, denen aukerez baliatuz.  Hau da, harremanak sortzeko eremua lortu nahi da, hizketarako elkargune gisa, ideiak erkatzeko eta ezagutza sortzeko eta transmititzeko. 

Euskal Herriaren onerako esparrua izan nahi du, mundu osoko ekarpenekin hazten jarraitzeko. Baina, halaber, parte hartzera animatzen den edonorentzat zabalik dago, zeren denek jatorrian oinarritutako elkarlan akademikorako lotura ikusiko baitute, ezagutzak areagotzeko asmoarekin eta UPV/EHUren goiburuari jarraituz: “eman ta zabal zazu”.

Sinposioaren lehen edizioa Donostian egingo da, 2016ko Europako Kultur Hiriburutza ospatzen ari den honetan. Ezagutzak partekatzeko eta hiriak eskaintzen digun nazioarteko protagonismoaz gozatzeko aukera izango da, euskal diaspora akademikoari ongi etorria emateko sinbolo gisa.